
ESPAZIOA ETA MATERIALA
Psikomotrizitateko esku-hartzean, espazioa eta materiala antolatzea funtsezko atala da, izan ere, haurraren ekintza, esperientzia eta ikaskuntza baldintzatzen dituzten elementu nagusiak dira. Ez dira soilik jarduerak garatzeko euskarri fisikoak, haurraren garapen globala sustatzeko pentsatutako tresna pedagogikoak dira baita. Hori dela eta, espazioaren egituraketak eta materialaren hautaketak eta antolaketak zentzua eta koherentzia izan behar dute, betiere haurren behar, interes eta garapen-erritmoetara egokituta.

Psikomotrizitateko saioetan, espazioa eta materiala ez dira elementu osagarriak, baizik eta hezkuntza-prozesuaren oinarri nagusietakoak. Biak modu kontzientean antolatzeak aukera ematen du haurraren garapen motorra, emozionala eta kognitiboa modu integratuan lantzeko.
Alde batetik, espazioak segurtasuna eta konfiantza transmititu behar dizkio haurrari. Ingurune egonkor eta aurreikusgarri batean, haurrak askatasun handiagoz esploratu dezake bere gorputza eta inguratzen duen mundua.
Horregatik, psikomotrizitateko gelak egituraketa jakin bat izaten du normalean: mugimendu libre eta plazer sentsoriomotorrerako gune bat, jolas sinbolikorako beste bat, eta azkenik, lasaitze edo adierazpenerako espazio bat. Antolaketa horrek haurrari laguntzen dio ekintzatik pentsamendurako bidea egiten, hau da, bizipen fisikoetatik adierazpen sinbolikora igarotzen.
Bestetik, espazioak askatasuna ahalbidetu behar du, baina baita muga argiak eskaini ere. Muga horiek ez dira kontrolerako, baizik eta haurrak bere burua erregulatzeko gaitasuna garatu dezan. Gainera, espazioa ez da egitura zurruna izan behar; aitzitik, taldearen beharren, interesen eta une emozionalen arabera moldagarria izan behar du.

Materialari dagokionez, psikomotrizitateko praktikan material ez egituratua da nagusi. Material mota honek ez du erabilera bakarra, eta horrek haurraren irudimena eta sormena sustatzen ditu. Koltxonetak, kuxinak, oihalak edo aparrezko blokeak bezalako elementuek aukera ematen dute igotzeko, jauzi egiteko, eraikitzeko edo ezkutatzeko, hau da, plazer sentsoriomotorra bizitzeko. Aldi berean, objektu horiek esanahi sinboliko desberdinak har ditzakete jolasaren barruan, eta horrek pentsamendu sinbolikoa garatzen laguntzen du.

Hala ere, materialaren eskaintza neurtua izan behar da. Gehiegizko estimulazioak arreta sakabanatu dezake eta jolasaren sakontasuna murriztu. Horregatik, garrantzitsua da materiala modu ordenatuan eta zentzuz antolatzea, haurraren eskura egon dadin baina gehiegizko kargarik sortu gabe. Materialaren antolaketa eta bilketa prozesuek ere erritual izaera har dezakete, saioari hasiera eta amaiera emanez.