ADIERAZPEN LOGIKO-MATEMATIKOA

Hizkuntza logiko-matematikoa pertsonok mundua ulertzeko eta antolatzeko erabiltzen dugun gaitasun bat da. Eguneroko bizitzan etengabe erabiltzen dugu, nahiz eta askotan ez garen ohartzen: objektuak sailkatzen ditugu, ordena jartzen dugu, konparaketak egiten ditugu edo kantitateak zenbatzen ditugu.

Haurtzaroan, gaitasun hau garatzea funtsezkoa da, izan ere, haurrak jasotzen duen informazioa egituratzeko eta adierazteko balio dio. Hau da, pentsamenduaren oinarriak eraikitzen laguntzen du. Haurreskolan matematikaren helburu nagusia ez da soilik zenbakiak ikastea, baizik eta haurraren pentsamendua modu egokian egituratzea.

Gainera, garapen hau progresiboa da. Haurrak etapa desberdinak igarotzen ditu (Piagetek azaldu bezala), eta pixkanaka esperientziaren bidez objektuen ezaugarriak ulertzen, erlazioak egiten eta pentsamendu logikoa garatzen doa.

PROZESU LOGIKO-MATEMATIKOA SUSTATZEKO MEKANISMOAK

Haurrek pentsamendu logiko-matematikoa ez dute modu teorikoan ikasten, baizik eta esperientzia eta ekintzen bidez. Horretarako, hainbat mekanismo daude, garapen honetan laguntzen dutenak:

1. Manipulazioa

Manipulazioa da oinarrizkoena. Haurrak objektuak ukitu, mugitu eta esperimentatzen ditu. Horrela, objektuen ezaugarriak (kolorea, forma, tamaina…) ezagutzen ditu eta, pixkanaka, objektuen arteko erlazioak ulertzen hasten da (handiagoa/txikiagoa, berdina/desberdina…).

2. Imitazioa

Imitazioaren bidez, haurrak ikusten duena errepikatzen du. Honek aukera ematen dio ekintza sinbolikoak garatzeko eta errealitatea irudikatzeko. Adibidez, helduak imitatuz sukaldariarena egitea edo panpinekin eguneroko egoerak antzeztea.

Bi imitazio motak aurkitu ditzakegu:

  • Berehalako eta uneko imitazioa. Haurrak beste pertsona batek egiten duena ia berehala errepikatzen du, normalean heldu baten ekintza ikusita. Hau da, ekintza ikusi bezain pronto kopiatzen du. Adibidez, heldu batek txalo egiten du eta haurra une horretan bertan txalo egiten hasten da.

  • Imitazio geroratua eta mentalki irudikatua. Haurra ikusitakoa gogoratzeko gai da eta geroago errepikatzen du, heldua presente ez dagoenean. Gainera, buruan irudikatu eta imitatu dezake, eredua aurrean eduki gabe. Adibidez, ama sukaldatzen ikusi ondoren, geroago sukaldea jolasean imitatzen du.

3. Sailkapena

Sailkapenak objektuak antzekotasunen arabera antolatzeko gaitasuna garatzen du. Haurrak objektuak taldeetan banatzen ikasten du (kolorearen, formaren edo tamainaren arabera), eta horrek pentsamendu logikoa sendotzen du.

4. Irudikapena (errepresentazioa)

Irudikapenaren bidez, haurrak errealitatea sinboloen bidez adierazten hasten da. Adibidez, "+" ikurra batuketarekin lotzea. Honek pentsamendu abstrakturako bidea irekitzen du.

Adibidez, "=" ikurrak bi aldeak berdinak direla adierazten duela eta "×" ikurrak biderketa adierazten duela pixkanaka ulertzen du. Horrela, ikurren esanahia eta errealitatea lotzen eta bereizten ikasten du.

ONDORIOA

Laburbilduz, hizkuntza logiko-matematikoa haurraren garapen intelektualaren oinarrietako bat da. Ez da soilik matematikarekin lotzen, baizik eta pentsatzeko, antolatzeko eta mundua ulertzeko modua da.

Horregatik, ezinbestekoa da haurtzaroan esperientzia aberatsak eskaintzea: manipulazioa, jolasa, esperimentazioa eta harremanak sustatuz. Horrela, haurrek modu naturalean eta esanguratsuan eraikiko dute beren pentsamendu logiko-matematikoa. 

¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar