
LO ASALDURAK

Loak ezinbesteko papera du haurraren garapen fisiko, kognitibo eta emozionalean. Atseden egokirik ez dagoenean, haurrak nekatuta egon daitezke, arreta gutxiago jarri, ikasteko zailtasunak izan edo suminkorrago agertu.
Horregatik, lo-asaldurek haurraren eguneroko ongizatean eta garapen orokorrean eragin zuzena izan dezakete, eta garrantzitsua da horiek garaiz identifikatu eta modu egokian kudeatzea.
Lo-asaldurak haurren loaren funtzionamenduan gertatzen diren nahasmenduak dira, lo egiteko gaitasunean, kalitatean edo erritmoan eragina dutenak. Haurrek zailtasunak izan ditzakete lo hartzeko, gauean zehar esnatzeko edo atseden egokia lortzeko.
Haurtzaroan nahiko ohikoak dira, garapen-prozesuaren parte baitira neurri batean, baina kasu batzuetan esku-hartzea beharrezkoa izan daiteke.

PARASOMNIA

Parasomniak beste lo-asaldura mota bat dira. Kanpoko fenomeno gisa agertzen dira normalean, eta loaren hasieran, loaren atalasean edo esnatzean gertatzen dira. Loa eten egin dezakete edo ez, baina alterazioa da gauzarik nabarmena, eta ez lo egitean edo esnatzean duen eragina. Asaldura hau duten haurrak ia ez dute kexarik adierazten, baina gurasoek bai. Mota honetako asaldura gehienak ikusgarriak dira, baina ez dira kaltegarriak haurrentzat.
3 eta 6 urte bitartean izaten dute eragin gehien. Asaldura hauen artean aurkitu dezakegu: lo-ibiltzea, amesgaiztoak, gaueko izuak, hortz-karraskak, somnilokia eta Jactatio capitis.
Amesgaiztoak eta gaueko izuak antzekoak direla pentsatu arren, ezberdinak dira.
Amesgaiztoak REM fasean agertzen diren amets beldurgarriak dira. Pertsona esnatu egiten da eta ametsean gertatutakoa gogoratzeko gai izaten da, baina esnatzean, askotan, beldurra, antsietatea edo urduritasuna sentitzen da. Amesgaiztoak sarritan estresarekin, emozio biziekin edo eguneroko kezken ondorioz agertzen dira, eta esnatzean pertsona lasaitzea eta segurtasuna ematea lagungarria izaten da.
Gaueko izuak, berriz, lo sakonean eta gauaren hasieran gertatzen dira. Haurra bat batean esnatzen dela dirudu, bada ohiuka edo beldur handiarekin, baina ez da benetan esnatzen, ez du erantzuten eta hurrengo egunean ez du ezer gogoratzen
Eskuhartzeari dagokionez, amesgaiztoen kasuan, haurra esnatzen denean garrantzitsua da lasaitzea eta segurtasuna ematea, tonu goxoan hitz eginez edo besarkatuz. Komenigarria da ametsa kontatzeko aukera ematea, horrela beldurra kanporatu ahal izateko. Era berean, logelako giroa lasaia eta segurua izatea lagungarria da, eta oheratu aurretik errutina lasaigarriak ezartzea, hala nola ipuinak edo musika lasaia. Amesgaiztoak estresarekin edo kezkekin lotuta egon daitezkeenez, egunez emozioak lantzea ere lagungarria izan daiteke.

Gaueko izuen kasuan, aldiz, ez da gomendagarria haurra esnatzen saiatzea, izan ere, ez dago benetan esnatuta eta horrek nahasmena handitu dezake. Garrantzitsuena da haurra babestea eta minik ez hartzea ziurtatzea, ingurunea segurua mantenduz. Normalean, pasarteak minutu gutxi batzuk irauten ditu, beraz, hoberena lasai egotea eta itxarotea da. Ez da beharrezkoa gehiegi hitz egitea edo haurra mugitzea, helduaren presentzia lasaia nahikoa izaten da. Gainera, lo-orduen erregulartasuna mantentzea eta nekea saihestea lagungarria izan daiteke, batez ere pasarteak maiz errepikatzen badira.

DISOMNIA
Haurtzaroan insomnioa da lo-asaldurarik ohikoena. Insomnioa lotara joateko zailtasunak edukitzea edo gauean zehar hainbatetan esnatzeko joera edukitzea da. Insomnioa disomnia bat dela esaten da, hau da, loaren kantitateari, kalitateari eta ordutegiari eragiten dien asalduretako bat.
5 eta 6 urte bitarteko haurren artean oso ohikoa izaten da eta 3 faktore ezberdinek eragin dezakete, batetik, asaldura organikoak, bestetik, lotarako ohiturak hartzeko zailtasunak, eta azkenik, gatazka emozionalak.

- ASALDURA ORGANIKOAK
Gorputzeko gaixotasunen ondorioz, lo egiteko zailtasunak izan ditzakete haurrek, gaixotasunak kronikoak edo akutuak izanik. Gaixotasun hauek sortzen duten minaren ondorioz eta nerbio sisteman eragin zuzena dutelako, izango dituzte haurrek lo egiteko zailtasunak. Honez gain, zailtasun mekanikoek ere eragin zuzena izaten dute, adibidez, sudurra itxita izaten denean arnasteko zailtasunak izaten dira eta honek indomnioa sorrarazi dezake.
LOTARAKO OHITURAK HARTZEKO ZAILTASUNAK
Lo egiteko ohitura garatzeko zailtasunak izaten dira haur insomnioaren kasu gehienen kausak. Zailtasun horietako batzuk, elikadurarekin lotutako faktoreak izan daitezke, esaterako, dieta desegokiak, jateko ordutegi zorrotzak… Elikagaiarekin lotutako faktoreez gain, haurraren inguruko egoera-adalketek ere eragin handia izaten dute, adibidez, gurasoekiko harremana, etxe aldaketa, gurasoak banantze prozesuan egonez gero…
Lo egiteko ohitura, beste autonomia-ohitura askoren antzera, ikasi egin behar izaten da, ez gara horrekin jaiotzen. Hala ere, beste ohiturekin alderatuta, lo egitea modu nahiko naturalean barneratzen dugu, gurasoek zein haurrek prozesu horretaz kontzientzia handirik izan gabe.
GATAZKA EMOZIONALAK

Arazo emozionalek ere lo egiteko zailtasunak eragin ditzakete, batzuetan kanpoko egoerek eraginda eta beste batzuetan haurraren nortasunarekin lotuta, haurren kasuan ohikoa izaten da, frustrazioa kudeatzeko zailtasunak izatea.
Jaiotzaren ondoren, gurasoen eta haurraren arteko harremanak egokitzapen emozionala eskatzen du bi aldeentzat. Egokitzapen hori behar bezala gertatzen ez denean eta haurrak ez badu babes eta segurtasun nahikoa izaten gurasoen partetik, haurra ez da behar bezala babestua edo onartua sentitzen, eta horrek bere ongizatean eragina izan dezake.
Argi dago, inguruneak eragin handia duela haurraren deskantsuan eta hortaz, helduaren esku hartzeak ere eragin zuzena izan dezake. Garrantzitsuena errutinak eta segurtasun-sentsazioa eskaintzea da. Batetik, komeni da lo egiteko ordutegi erregularrak ezartzea, egunero antzeko orduan oheratuz eta esnatuz. Horrez gain, loaren aurreko errutinak sortzea lagungarria izan daiteke haurrak erlaxatzen eta lo egiteko prest jartzeko, adibidez, ipuinak kontatzea, musika lasaia entzutea…

Bestalde, ingurunea ere zaindu behar da: logelak lasaia, iluna eta zaratarik gabea izan behar du. Pantailen erabilera saihestu behar da oheratu aurretik, pantailen erabilerak gorputza aktibatzen dutelako. Garrantzitsua da, gainera, haurrak pixkanaka autonomia garatzea lo egiteko orduan, hau da, bere kabuz lokartzen ikastea, helduaren mendekotasun handiegirik gabe.
Azkenik, faktore emozionalak daude baita, antsietatea, beldurrak… Kasu hauetan, helduak, haurrari entzutea eta laguntza emozionala eskaintzea beharrezkoa da, haurrari segurtasuna, konfiantza eta lasaitasuna transmititzeko.