SOZIALIZAZIOA

Sozializazioa gizakia dagokion gizarteko kide aktibo eta eskubide osoko bihurtzen duen prozesua da. Horren bidez, ingurukoen portaera-arauak, ohiturak eta balio kulturalak barneratzen dira, eta aldi berean, norbanakoa berezko ezaugarriak dituen izaki sozial bilakatzen da. Prozesu honen oinarriak haurtzaroan finkatzen badira ere, ez da etapa horretan amaitzen; izan ere, bizitzan zehar etengabe agertzen dira hasieran ikasitakoa moldatu edo egokitu behar duten egoerak. Bestalde, garapen sozial eta emozional egokia lortzeko, ez da nahikoa beste pertsonekin elkarbizitza hutsa izatea. Funtsezkoa da haurrak bere inguruko pertsona esanguratsuekin dituen harremanak aberasgarriak eta kalitatezkoak izatea, horrek lotura sendoak eraikitzea ahalbidetzen baitu.

Gizarte-garapena pertsona bakoitzean modu ezberdinean gertatzen da, bakoitzak bere ezaugarri fisiko, kognitibo eta emozional propioak dituelako. Horrek eragiten du sozializazio-prozesua bakarra izatea pertsona bakoitzarentzat.

Garapen horretan bi faktore nagusik eragiten dute: alde batetik, jaiotzetik dakartzagun ezaugarri genetikoek; bestetik, hazten garen ingurune sozialak, hala nola familia, kultura eta bizi-baldintzak. Bi alderdi horiek elkarreraginean aritzen dira etengabe.

SOZIALIZAZIO AGENTEAK

Sozializazio agenteak haurraren gizarte-garapenean eragina duten pertsona, talde edo erakundeak dira. Haurrak jaiotzetik hasten dira inguruko mundua ezagutzen eta besteekin harremanak izaten. Prozesu horri sozializazioa deitzen zaio, eta bereziki garrantzitsua da haurtzaroan, une horretan hasten baitira gizarteko arauak, balioak eta jokabideak barneratzen. Sozializazio agenteek, hala nola familiak, eskolak, haur-taldeek eta komunikabideek , eragin handia dute haurren garapenean, haien nortasuna eta pentsatzeko modua osatzen laguntzen baitute. Jarraian, haurren sozializazioan eragina duten agente nagusiak aztertuko dira, eta haien garrantzia azalduko da haurren garapen pertsonal eta sozialean.

Familia da haurraren lehenengo sozializazio agentea eta, askotan, eragin handiena duena. Haurra jaiotzen den momentutik, familiako kideekin hasten da harremanak izaten, eta bertan ikasten ditu lehenengo jokabideak, hizkuntza eta balioak. Gainera, gurasoen eta haurren arteko harremanek atxikimendua sortzen dute, eta horrek segurtasuna eta konfiantza ematen dizkio haurrari.

Bestalde, gurasoek erabiltzen dituzten hezkuntza-estiloek (adibidez, zorrotzagoak edo malguagoak izatea) eragin zuzena dute haurraren autoestimuan, autonomian eta besteekin harremanak izateko gaitasunean. Horregatik, familiako giroak eta harremanen kalitateak funtsezko papera dute haurraren garapen afektibo eta sozialean.


Eskola ere sozializazio agente oso garrantzitsua da, batez ere haurrak txikiak direnetik bertara joaten hasten direlako. Eskolan, haurrek ez dute soilik eduki akademikoak ikasten, baizik eta gizartean bizitzeko beharrezkoak diren arauak eta balioak ere barneratzen dituzte.

Eskola gizarte txiki baten moduan ulertu daiteke, non haurrek besteekin bizitzen ikasten duten: txandak errespetatzen, arauak betetzen eta talde batean parte hartzen . Gainera, irakasleekin eta ikaskideekin dituzten harremanek autoestimua, errespetua eta lankidetza garatzen laguntzen dute. Eskola, beraz, oso garrantzitsua da haurraren gizarte-trebetasunak garatzeko.


Haur-taldeak edo parekoen taldeak (adin bereko lagunak) gero eta garrantzitsuagoak dira haurraren garapenean. Hasieran, harreman horiek familiaren barruan sortzen dira (anai-arrebekin edo senideen seme-alabekin), baina pixkanaka zabaltzen dira, batez ere eskolan eta jolasetan.

Haurrek elkarrekin egotean, jolasten, partekatzen eta gatazkak konpontzen ikasten dute. Hasieran liskarrak edo desadostasunak agertzen badira ere, horien bidez ikasten dute besteekin bizitzen eta arazoak konpontzen . Gainera, lagunekin harremanetan egoteak autonomia, identitatea eta gizarte-gaitasunak garatzen laguntzen du.


Komunikabideak gure gizarteko sozializazio-agente garrantzitsuenetako batzuk dira, eta hauen barruan hainbat mota bereiz ditzakegu: zinea, komikia, telebista, irratia, prentsa, publizitatea, bideoa, bideojokoak eta ordenagailua. Baliabide hauek ezaugarri bereziak dituzte: norabide bakarrekoak dira eta ez dute elkarrizketa ahalbidetzen, hartzailearen pasibitatea bultzatzen dutelarik. Gainera, ematen duten informazioa ez da osoa izaten, interes ideologikoengatik mugatuta baitago. Hala ere, haurrentzako oso erakargarriak dira, mezu labur, koloretsu eta ulergarriak erabiltzen dituztelako.

Haurtzaroan eragin handienetakoa duen komunikabidea telebista da. Haurrak oraindik ez du irizpide kritikorik ikusten eta entzuten duena baloratzeko, eta horrek hainbat ondorio ekar ditzake: Biolentziaren eragina, eredu eta balore berriak, edertasunaren eredua eta publizitatearen eragina…

Hala ere, komunikabideak baliabide didaktiko gisa ere erabil daitezke. Haur eskolak paper garrantzitsua du gurasoei aholkularitza eskaintzen, komunikabideen eraginari eta erabilera egokiari buruz. Helburu nagusia haurren iritzi kritikoa garatzea da, baloreen eta edukien artean bereizten ikas dezaten.

Gurasoei dagokienez, gomendagarria da haurrekin telebista ikusteko uneak hautatzea, ikusten dutenaren inguruko hausnarketa egitea eta pantailen aurreko denbora mugatzea, aisialdiko beste aktibitate batzuk sustatuz. Era berean, funtsezkoa da gurasoak transmititzen diren jokabide-ereduez kontziente izatea.

Hona hemen guk komunikabideen inguruan egindako azterketa bat, bertan, haurrentzako telesail bat aztertetzen da:

¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar