
NI-A

Gizakiaren garapen psikologiko eta soziala ulertzeko, funtsezkoa da bere buruaren eta ingurukoen pertzepzioa nola eraikitzen den aztertzea. Haurtzaroan bereziki, prozesu horiek azkar eta modu esanguratsuan garatzen dira, eta pertsonaren nortasunaren oinarriak finkatzen dituzte. Ondorengo atalak garapen horren hainbat alderdi aztertzen dituzte, hala nola norberaren identitatearen sorrera, autokontzeptua, autoestimua eta besteekin harremanak ulertzeko gaitasuna.

NI-KATEGORIKOA

Norberaren identitatea garatzeko lehen pausoa norbere burua besteengandik bereiztea da, eta hori haurtzaroaren hasierako urteetan gertatzen da.
15 eta 24 hilabete artean, haurrek hasten dira ulertzen beraiek eta inguruko pertsonak ez direla berdinak. Une horretan, beren ekintzen emaitzak antzematen dituzte: lortzen dutenean poza erakusten dute, eta huts egiten dutenean frustrazioa. Horrek adierazten du beren "ni"-a pixkanaka eraikitzen ari direla. Bi urtetik aurrera, hizkuntza garatzen denean, ni kategorikoa agertzen da, hau da, haurrek beren burua ezaugarri zehatzen bidez deskribatzen hasten dira (adina, sexua, itxura…). Etapa honetan, beren identitatea hitzen bidez adierazteko gaitasuna eskuratzen dute.
Prozesu hori lotuta dago autonomia bilatzearekin eta jarrera kontrajarriekin, haurrek beren nortasuna sendotzen ari direlako.

AUTOKONTZEPTUA

Autokontzeptua pertsona batek bere buruaz duen idea eta irudia da, hau da, "zer pentsatzen dut nitaz eta nola sentitzen dut hori". Autokontzeptua beti alderdi afektibo bat izango du, autoestimua esaten zaiona, eta horrek gure jokaeran eta mundua interpretatzeko moduan eragina du. Esan daiteke gure autokontzeptua "betaurrekoak" bezalakoa dela, mundua nola ikusten dugun baldintzatzen duena. Horregatik autokontzeptu positiboa duen haur batek bere jolaskidearen keinua txirristara igotzeko gonbidapena bezala bizi dezake, eta autokontzeptu ezkorra eta zuhurra duen haurrak, ordea, keinu bera oldarkortasun edo lehiakortasun keinu bezala irakurri.
Bestalde, autokontzeptua haurtzaroan hasten da garatzen, batez ere 2-6 urte bitartean, beste pertsonekin izandako esperientzien bidez. Garai horretan, haurrek pixkanaka beren gaitasunak, trebetasunak eta ezaugarriak identifikatzen hasten dira. Hasieran, autokontzeptua ezaugarri zehatzetan oinarritzen da (adibidez: "azkarra naiz" edo "jostailu asko dauzkat"), eta ez dute beren burua modu errealistan ebaluatzen; askotan, egin dezaketena baino gehiago egiteko gai direla pentsatzen dute.
Gainera, autokontzeptua ez da finkoa: dinamikoa da, eta besteek (gurasoek, irakasleek, lagunek…) gure inguruan dugun pertzepzioaren bidez aldatzen joaten da.

AUTOESTIMUAREN GARAPENA

Pertsonaren garapen pertsonal eta emozionalean funtsezko elementua da bere buruari buruz duen pertzepzioa. Norberak bere burua nola ikusten eta baloratzen duen ulertzea funtsezkoa da ongizatea eta garapen egokia lortzeko.
Autokontzeptuak norberak bere buruaz duen irudia adierazten du, eta hortik sortzen da autoestimua, hau da, pertsonak bere burua nola baloratzen duen.
Balorazio hori positiboa edo negatiboa izan daiteke, bakoitzak bere gaitasunak eta mugak nola ikusten dituenaren arabera. Haurtzaroan pixkanaka garatzen da: hasieran, umeek beren burua oso gai ikusten dute, baina eskolan besteekin konparatzen hasten direnean, beren indarguneak eta zailtasunak hobeto ezagutzen dituzte. Horren ondorioz, autoestimua egokitzen doa.
Hazten diren heinean, autoestimua arlo desberdinetan banatzen da (fisikoa, soziala eta akademikoa), eta bizipenek eragina dute horietan. Garrantzitsuena autoestimua orekatua izatea da, norberak bere burua onartu eta errealitatera egokituta baloratzen duenean ongizate handiagoa lortzen baita. Horregatik, hezitzaileen papera oso garrantzitsua da.

BESTEAK EZAGUTZEA

Haurren garapenean, besteak ezagutzea eta norbere burua ulertzea elkarrekin doazen prozesuak dira.
Hasieran, haurrek pertsonak deskribatzeko ezaugarri fisikoak eta ageriko jokabideak erabiltzen dituzte, baina pixkanaka ezaugarri psikologikoak ere kontuan hartzen hasten dira. Denborarekin, besteekin konparatzen ikasten dute eta besteen jokabideen atzean dauden asmoak ulertzen hasten dira.
2-3 urterekin hasten dira besteen asmoak eta pentsamenduak irudikatzen, nahiz eta zaila egiten zaien, askotan pertsonen benetako sentimenduak ez direlako agerian azaltzen. 7 urterekin hasten dira ulertzen pertsona batek aldi berean emozio kontrajarriak izan ditzakeela, baina gaitasun hori 10 urtera arte ez da guztiz garatzen.
3 urtetik aurrera, haurrek ulertzen dute pertsonek barne-mundua dutela (pentsamenduak, sentimenduak). Hala ere, haur erasokorrek zailtasun gehiago izaten dituzte besteen asmoak interpretatzeko. Trebetasun sozialak lantzen badituzte, harremanak eta besteen ulermena hobetu ditzakete.