
ADIERAZPEN PLASTIKOA
Atal honetan, haurren plastikako gaitasunaren garapena aztertuko da, jaiotzetik 6 urtera bitarteko adin-tarte ezberdinetan nola eboluzionatzen duen ulertzeko. Haurrek adierazpen plastikoaren bidez marrazkia, margotzea, modelatzea edo material ezberdinen manipulazioak beren ingurunea ezagutzen laguntzen diote, eta aldi berean, sormena, irudimena, autonomia eta adierazpen emozionala garatzen dituzte.
Hurrengo lerroetan, adin bakoitzean haurrek dituzten ezaugarri nagusiak, gaitasunak eta beharrak azalduko dira, baita jarduera plastikoek garapen horretan duten garrantzia ere. Ikusiko dugu nola hasieran esperientzia sentsorial sinpleetatik abiatzen diren, eta pixkanaka jarduera konplexuagoetara igarotzen diren, gero eta kontrol handiagoarekin eta adierazpen aberatsagoarekin.
Halaber, etapa bakoitzean proposa daitezkeen materialak, teknikak eta esperientziak aipatuko dira, betiere haurren garapen mailara egokituta. Azkenik, prozesu osoan zehar hezitzailearen papera ere azpimarratuko da, haurrei laguntza egokia eskaintzeko eta haien sormen-prozesua errespetatzeko.
0 - 1 urte


Lehenengo urtean haurra oso azkar aldatzen da, hasieran ez baitu egiten dituen mugimenduen kontrolik izaten, baina pixkanaka zutik jartzen eta ibiltzen hasten da, poliki-poliki bere autonomia lortuz. Garai honetan, ordea, jarduera plastikoak nahiko sinpleak dira. Etapa honetan, ahoaren eta eskuaren arteko koordinazioa eta begiaren eta eskuaren artekoa lantzea garrantzitsua da, haurrak zentzumenen bidez ikasten duelako.
Lehenengo hilabeteetan ez du jardueretan zuzenean parte hartzen, baina esperientzien bidez asko ikasten du. Sei hilabetetik aurrera, pixkanaka parte hartzen hasten da, adibidez urarekin, harearekin edo testura ezberdinekin jolastuz.
1 - 2 urte

Adin honetan haurrak autonomia handiagoa du eta oso aktiboa da: hobeto eta segurtasun handiagoarekin mugitzen da eta eskuak trebeago erabiltzen ditu objektuak hartzeko eta manipulatzeko.
Oraindik garrantzitsua da behaketa, irudimena eta sormena lantzea, baina jada materialak eskuarekin erabiltzen has daiteke. Horrek laguntzen dio gauzak aukeratzen, konparatzen eta ulertzen.
Ikasgela apaintzea oraindik garrantzitsua da, baina orain haurrak gehiago parte hartzen du: paperak aukeratu, itsatsi edo antzeko lan txikiak egin ditzake.
2 - 3 urte


Etapa honetan haurrak mugimenduak eta eskuen erabilera askoz hobeto kontrolatzen ditu, eta gauzak zehaztasun handiagoz egin ditzake. Hala ere, askotan jarduerak hasten ditu baina ez ditu amaitzen.
Oraindik behaketa eta irudimena lantzea garrantzitsua da, baina manipulazioari pisu handiagoa ematen zaio. Horretarako, material berriak erabiltzen hasten da, adibidez plastilina, margoak edo hatz-pinturak, betiere seguruak badira.
Gainera, testura berriak ezagutzen ditu eta ekintza gehiago egiteko gai da: zapaldu, zatitu, oratu edo objektu txikiak sartu. Pinturarekin ere modu ezberdinetan esperimentatzen du. Adibidez, hatzekin eta eskuekin margotuz, pintura tantaka botaz, "esponjak" edo bestelako materialak erabiliz arrastoak sortzeko, objektuak pinturan sartu eta paper gainean mugituz, eta koloreak nahastuz zer gertatzen den ikusteko.
3 - 4 urte

Etapa honetan haurrak bere burua hobeto ezagutzen du; hau da, bere gaitasunak, mugak, gustuak eta emozioak identifikatzen ditu. Besteekin dituen harremanen eta bizitzen dituen esperientzien bidez, bere autoirudia eraikitzen doa eta pixkanaka bere buruarekiko konfiantza eta autonomia handiagoa garatzen ditu. Gainera egiten duen lanaren emaitzaz interesatzen hasten da. Arreta gehiago mantentzen du, jakin-min handiagoa du eta jardueretan denbora gehiago egon daiteke. Ikusteko eta irudikatzeko gaitasuna ere hobetzen doa.
Horri esker, jarduera plastiko gehiago egiten hasten da, sormena eta adierazpena lantzeko. Inguruan ikusitako gauzak irudikatzen hasten da. Tresna desberdinak erabiltzen ditu, adibidez pintzelak, errotuladoreak… Teknika ezberdinak lantzen ditu, hala nola marrazketa, margotzea edo collagea. Horrek guztiak eskuen trebetasuna eta begi-esku koordinazioa hobetzen laguntzen du, eta idazten ikasteko prestatzen ere bai.
4 - 5 urte


Etapa honetan haurrak mugimenduak gero eta hobeto koordinatzen ditu eta jakin-min handiagoa du. Dagoeneko formak, koloreak eta testurak bereizten hasten da, eta marrazkia zehaztasun handiagoz erabiltzen du.
Aurreko etapako oinarriak sendotzen jarraitzen du, mugimendua eta autonomia garatuz eta zentzumenen bidez ikasiz eta esploratuz. Materialak manipulatu eta esperimentatzen jarraitzen du, esku-trebetasuna eta sormena garatuz, eta pixkanaka autonomia eta arreta handitzen doaz, ingurua irudikatuz eta jarduera plastikoetan sormena lantzen.
Gainera, etapa honetan esperientzien bidez ingurua irudikatzen hasten da. Horrela, bere emozioak eta irudimena adierazteko aukera ere badu.
Lehendik erabiltzen zituen teknikekin jarraitzen du, baina pixkanaka zailtasun handiagoa gehitzen da, eskuen trebetasuna hobetzeko. Gainera, formak eta espazioa ulertzen jarraitzen du.
5 - 6 urte


Adin honetan haurrak heldutasun handiagoa du eta seguruago mugitzen da, hau da, bere gorputza hobeto kontrolatzen du eta jardueretan konfiantza handiagoz parte hartzen du.
Zentzumenen bidez jasotakoa hobeto ulertzen du eta gauzak bereizi eta identifikatzen ditu. Taldean aritzea gustatzen zaio eta gelako zeregin txikietan laguntzen du.
Formak, koloreak, testurak eta bolumenak hobeto ezagutzen hasten da, eta pentsamendu logikoagoarekin lotzen ditu. Marrazkian eta beste jardueretan tresnak hobeto erabiltzen ikasten du, eta oroimena lantzen du. Geroz eta autonomia handiagoa izango du eta parte hartzaileagoa izango da haurra.

HEZITZAILEAREN EGINKIZUNA

Hezitzailearen jarrerak eragin zuzena du haurren garapenean, bai maila emozionalean bai ikaskuntza prozesuan. Horregatik, ezinbestekoa da haur bakoitza bere osotasunean ulertzea: bakoitzak erritmo propioa, interes ezberdinak eta behar espezifikoak ditu, eta horiek errespetatzea da oinarria. Hezitzailearen eginkizuna da haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea eta bere ezaugarriak kontuan hartzea, presiorik sortu gabe eta konparazioak saihestuz. Hau kontuan izanda, garrantzitsua da, haurraren ezaugarri eta interesen arabera, jarduerak moldatzea, haurra motibatuta eta inplikatuta senti dadin.
Egoki antolatutako inguruneak asko laguntzen du. Espazio atsegina, segurua eta egituratua izateak haurrei konfiantza ematen die, eta horrek ausardia handitzen du gauza berriak probatzeko. Hezitzaileak espazioa modu kontzientean antolatu behar du, haurren autonomia sustatzeko eta mugimendu askea ahalbidetzeko. Materialek ere garrantzia dute: eskuragarriak, erabilerrazak eta anitzak direnean, haurrek modu autonomoan jarduteko aukera gehiago dute. Material egokiak aukeratzea eta haurren eskura jartzea ere hezitzailearen ardura da, esperimentazioa eta sormena bultzatzeko.
Behaketa da helduaren beste zeregin nagusietako bat. Haurren jokabidea, jolas moduak eta erakusten dituzten interesak aztertzea funtsezkoa da. Hezitzaileak modu aktibo eta kontzientean behatu behar du, epaitu gabe eta arreta osoz, haur bakoitzaren garapena ulertzeko. Horri esker, jakin dezake noiz esku hartu, noiz utzi haurra bere kabuz aritzen, edo nola egokitu proposamenak une bakoitzean.
Bestalde, hezitzailearen rola ez da aginduak ematea edo ezagutzak transmititzea bakarrik. Garrantzitsuagoa da laguntzaile eta bidelagun moduan jardutea. Hezitzaileak gidari eta laguntzaile rola hartu behar du, haurrei protagonismoa emanez eta haien ekimenak baloratuz. Era berean, haurren autonomia sustatzea eta konfiantza giroa sortzea ere bere eginkizunen parte da, haurrek seguru senti daitezen esploratzeko, akatsak egiteko eta ikasteko.
Azken batean, hezitzailearen lana ez da soilik jarduerak proposatzea, baizik eta haurrei garatzeko aukera egokiak eskaintzea, haien erritmoa eta beharrak errespetatuz, eta ingurune aberats eta segurua sortuz.