HIGIENEA

Haurtzaroan higiene ohiturak garatzea oso garrantzitsua da, haurren ongizatea, osasuna eta autonomia bultzatzen dituelako. Hala ere, bidean zailtasunak ager daitezke, eta ohikoa da haur batzuek komunarekin lotutako arazoak izatea, hala nola enkopresia edo enuresia. Egoera hauek uste baino arruntagoak dira eta garrantzitsua da inguruko helduek normaltasunez hartzea.

Gai honen inguruan dauden kezkak eta zalantzak argitzeko beharra nabari dugunez, jarraian honen inguruko informazioa eskura dezakezue. Azpimarratu nahi dugu arazo hauek ez direla larriak, eta kasu gehienetan denborarekin eta laguntza egokiarekin konpontzen direla. Horregatik, funtsezkoa da lasaitasuna mantentzea, haurrari presiorik ez egitea eta egoera ulermenetik eta pazientziatik lantzea. Hemen, informazioa eta orientabideak eskaini nahi ditugu, familiek egoera hauei modu lasai eta egokian aurre egin diezaieten.

Gernua edo gorotzak kanporatzeko arazoak higienearekin eta autonomia pertsonalaren garapenarekin lotutako zailtasunak dira. Haurrek beraien garapena aurrera doan heinean pixkanaka ikasten dute esfinterren kontrola, hau da, gernua eta gorotzak kontrolatzen.

Prozesu hau garapenaren parte natural bat da, baina batzuetan atzera pausuak edo zailtasunak ager daitezke, eta azken honek kanporatzeko arazoak sortzen ditu. Arazo hauek ez dira soilik alderdi fisikoarekin lotzen, baizik eta alderdi emozionalek eta sozialek ere eragin handia dute. 

Izan ere, haur batek kontrolik ez izateak lotsa, segurtasun falta edo autoestimu baxua eragin dezake, eta horrek bere garapen pertsonalean eta gizarteratzean eragina izan dezake. Horregatik, oso garrantzitsua da helduek (familia eta hezitzaileek) pazientziaz eta ulermenez jardutea, haurraren erritmoa errespetatuz eta presiorik egin gabe.

ENURESIA

Enuresia gernuaren kontrol faltari dagokion arazoa da. Haurrek 4-5  urte bitartean kontrolatuko ditu erabat bere esfinterrak. Horregatik, 6 urtera arte ez da arazotzat hartu behar. Gehienetan arazo hau, gaueko enuresia izaten da, nahiz eta kasu batzuetan egunez ere gerta daitekeen. Arazo honen atzean hainbat arrazoi egon daitezke.

Arazo fisikoak: Garapenaren atzerapena, hau da, haurrak oraindik ez duela maskuriaren kontrol osoa lortu edo zailtasun fisiko zein biologikoak, hau da, asaldura organikoak.

Higiene-ohiturak: Bere garaian ohitura egokiak ez ezartzea.

Faktore emozionalak: Estresa, antsietatea edo aldaketa garrantzitsuak,  esaterako, etxe aldaketa, anai-arreba berria edo eskolan hastea.

Hala ere, enuresiak badu tratamendua.

Arazo fisikoen tratamentua: Asaldura organikoak badira honen kausa, profesionalengana (medikuak kasu honetan) jo behar da, beraien laguntza jasotzeko eta arazoari konponbide bat aurkitzeko. 

Higiene-ohituren tratamendua: Ohitura egokiak sustatzea, esaterako oheratu aurretik komunera joatea eta gauean likidoen kontsumoa murriztea. 

Faktore emozionalen tratamendua: Kasu hauetan, arazoa nondik datorren aurkitu beharko litzake eta gomendagarriena psikoterapia batera joatea izango zen.

Arazo hau behar bezala konpotzen ez bada, enuresiak berak baino eragin handiagoak egon daitezke epe luzera: autoestimu baxua edo portaera arazoak. 

*Lehenetsi haurrari presiorik ez egitea, ez zigortzea eta giro lasaia eskaintzea.

Aipatzekoa da badaudela beste metodo batzuk, besteak beste, sari-sistemak edo alarma-sistemak.

Sari-sistema. Motibazioan oinarritutako estrategia da, non, haurrak portaera egokiak lortzen dituenean  sari sinpleak jasotzen dituen, hala nola pegatinak edo gustuko jarduerak aukeratzea. Horrelakoetan, haurrak presioa edo estresa senti dezake gurasoen oniritzia lortzeko.

Alarma-sistema. Enuresia tratatzeko erabiltzen den gailu bat da, haurra pixa egiten hasten denean aktibatzen da eta esnatu egiten du. Horrela, haurrak pixa egin aurretik esnatzen ikasten du. Bestalde, baliteke haurraren autoirudian eragina izatea edo bere buruarekiko pertzepzioan nahasmena sortzea.

Hala ere, esfinterren kontrol osoa prozesu bat da. Gure ustez egokiena haurraren prozesua eta denborak errespetatzea da beraien ongizatea bermatzeko.


ENKOPRESIA

Enkopresia gorotzen kontrol faltarekin lotutako arazoa. Normalean, 4 urtetik gorako haurretan ikusi dezakegu. Kasu honetan, haurrak nahi gabe gorotzak galtzen ditu, askotan arropetan. Arazo hau sarritan idorreria kronikoarekin lotuta egon daiteke, haurra komunera joateari uko egiten hasten da (batzuetan mina edo beldurra dela eta), eta horrek gorotzak hestean pilatzea eragiten du. Denborarekin, gorotz gogor horien inguruan gorotz likidoak sortzen dira, eta nahi gabe ihes egiten dute. Egoera honek haurraren autoestimuan eragin handia izan dezake, lotsa eta isolamendua eraginez.

Prebentzio neurri nagusietako batzuk izan daitezke elikadura egokia (zuntz ugarikoa eta ur nahikoa), komunera joateko ohitura erregularrak ezartzea eta haurrari presiorik ez egitea. Oso garrantzitsua da komunarekiko esperientzia positiboak sortzea, beldurra edo tentsioa saihesteko.

Tratamenduan, lehenik eta behin idorreria konpontzea da izango litzake helburu nagusia. Horretarako dieta egokitu behar da eta beharrezkoa den kasuetan, medikuak agindutako laxanteak erabiltzen dira. Horrez gain, ohitura egokiak lantzen dira, adibidez, eguneko une jakin batzuetan komunera joatea. Egia da, kasu batzuetan laguntza psikologikoa behar izaten dela, arazo emozionalak lantzeko.

Azken batean, enuresia eta enkopresia haurtzaroan nahiko ohikoak diren arazoak dira, baina ikuspegi egoki batekin eta esku-hartze goiztiarrarekin konpon daitezke gehienetan. Funtsezkoa da haurraren erritmoa errespetatzea, giro segurua eskaintzea eta helduen arteko koordinazioa (familia, eskola eta osasun zerbitzuak) bermatzea, haurraren ongizate fisiko eta emozionala sustatzeko.


¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar