
Ongi etorri "Batera Hazten eta Ikasten" blogera!

Haurtzaroa bizitzaren etapa zoragarrienetakoa da, imajinatu mundu bat non dena berria den: lehen hitzak, lehen urratsak, lehen lagunak… Hori da haurtzaroa. Mundua ezagutzeko jakin-mina etengabe hazten den garaia da. Beraz, 0 eta 6 urte bitarteko aldia funtsezkoa da pertsonen garapen osoan, izan ere, urte horietan ezartzen dira geroko ikaskuntza, harreman sozialak eta autonomia pertsonala ulertzeko oinarri nagusiak.
"Batera Hazten eta Ikasten" blogean, txikien mundu zoragarrian murgiltzera gonbidatzen zaitugu. Hemen, haurren eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuenak ezagutuko ditugu: garapen kognitiboa eta motorra, garapen sozioafektiboa, komunikazioa eta adierazpena, eta baita autonomia eta osasuna ere. Arlo horiek guztiak elkarren artean lotuta daude, eta batera laguntzen dute haur bakoitzaren hazkunde orekatua eta osasuntsua bermatzen.
Elkarrekin aztertuko ditugu eguneroko oinarrizko ohiturak, hala nola elikadura, higienea eta loa, haurren ongizatearen giltza direnak. Era berean, adierazteko eta komunikatzeko moduak ikusiko ditugu: marrazkien bidez, musikaren bidez, ipuinen bidez edo baita pentsamendu logiko-matematikoaren bidez ere.
Baina haztea ez da bakarrik ikastea, sentitzea eta partekatzea ere bada. Horregatik, sozializazioa, "ni"-aren eraikuntza, adiskidetasuna eta jolasa izango ditugu bidelagun. Eta bereziki, jolas libreari emango diogu balioa, haurrek euren kabuz sortu, erabaki eta ikasteko duten espazio natural gisa.
Gainera, gorputza ere ikaskuntzaren zati handi bat da, haurraren lehen hizkuntza da, mundua ulertzeko eta bere burua adierazteko bidea. Psikomotrizitatearen bidez, ez da soilik mugimendua, koordinazioa eta espazioaren ezagutza lantzen, baizik eta haurra bere bizipenetik eraikitzen da.
Guk Aucouturier-en psikomotrizitatean sinesten dugu, eta ez dugu jolas huts gisa ulertzen. Gure ikuspegitik mugimendua haurraren barne mundura sartzeko atea da: emozioak, segurtasuna eta nortasuna eraikitzeko modua. Horregatik, guretzat psikomotrizitatea espazio bat da non haurra libre den, bere erritmoan, bere kabuz, hazteko eta izateko.
Blog hau ez da soilik informatzeko gune bat, haurrei begiratzeko beste modu bat da. Gure helburua da garapen prozesu hau modu hurbil, argi eta erabilgarrian azaltzea, hezitzaileentzat, familientzat eta hezkuntzan interesa duen edonorentzat baliagarria izan dadin. Uste dugu haur bakoitzak bere erritmoa duela, eta garapena ez dela lerro zuzen bat, baizik eta esperientziaz, emozioz eta ikaskuntzaz betetako bidea dela.
Hau esan ondoren, "Batera Hazten eta Ikasten" blogean, txikien mundura gerturatu nahi dugu, haien eguneroko erronkak eta lorpenak hobeto ulertzeko. Hemen, ikaskuntza eta hazkundea eskutik doaz, eta haur bakoitzaren bidean bidelagun izatea da gure eginkizuna.
Ongi etorri haur garapenaren mundu zoragarria ezagutzera!
NORTZUK GARA BATERA HAZTEN ETA IKASTEN-EKO KIDEAK
Aldez aurretik, aipatu nahiko genuke, guztiok haur hezkuntzako goi mailako teknikariak garela!
MIKEL MENDIZABAL

Psikomotrizista Terapeuta (B. Aucouturierren Hezkuntza eta Laguntza psikomotrizitatea).
Hezkuntza eta garapen psikologikoan formazioa eta garapen psikomotorrean masterra.
8 urteko esperientzia praktikoa saioetan eta haur garapeneko esku-hartzeetan.
OINATZ GURRUTXAGA

Hezitzailea eta pedagogoa. Hezkuntza orokorrean, ikaskuntza prozesuetan eta metodologia aktiboetan formazioa.
Hezkuntza inklusiboan eta pedagogia terapeutikoan masterra.
Hezkuntza esparruan, haur eta gazteen garapen pedagogikoan eta talde dinamiketan 11 urteko esperientzia.
ELIANE RUIZ

Psikologoa, haur eta gazteen garapen psikologikoan espezializatua.
Garapen emozionalean, harreman sozialetan eta portaeraren analisian formazioa eta terapia familiarrean eta sistemikoan masterra.
Haur eta familiekin esku-hartze psikologikoan 7 urteko esperientzia.
UXUE ETXEBERRIA

Dietista-nutrizionista, elikadura orekatua eta osasun ohituren sustapenean espezializatua.
Nutrizio eta dietetikan formazioa.
10 urteko esperientzia dieta pertsonalizatuen orientazioan.
AROA FERRERO

Medikua, pediatrian espezializatua.
Haur osasun orokorrean, garapen fisikoaren jarraipenean eta prebentzioan formazioa.
14 urteko esperientzia klinikoa haurren hazkundearen kontrol eta osasun arretan.