GARAPEN SOZIOAFEKTIBOA



Askotan ez zaio behar besteko garrantzia ematen haurrek bizi duten garapen sozioafektiboari. Ohikoa da arreta gehiago jartzea alderdi akademikoetan, eta alde batera uzten dira emozioak, harremanak eta sozializazio prozesuak. Horregatik, informazioa eta hausnarketa eskaini nahi ditugu, helduok prozesu hau hobeto ulertu eta haurrei laguntza egokia emateko
Haurtzaroa funtsezko etapa da garapen sozioafektiboa eraikitzeko, izan ere, garai honetan hasten dira haurrak beren burua eta ingurukoak ulertzen. Sozializazio prozesuaren bidez, pixkanaka ikasten dute besteekin harremanak nola sortu eta mantendu, eta horretan eragin handia dute sozializazio agenteek, hala nola familiak, eskolak edo lagun taldeak. Aldi berean, "NI-a" edo norberaren identitatea garatzen hasten dira, beren emozioak ezagutuz eta adierazten ikasiz.
Bestalde, adiskidetasunak eta jolasak paper garrantzitsua dute prozesu honetan. Lagunekin sortzen diren harremanek balio sozialak eta emozionalak lantzen laguntzen dute, eta jolasaren bidez, haurrek mundua esploratzen dute, arauak ulertzen dituzte eta besteekin elkarlanean aritzen ikasten dute.