
ELIKADURA

Gaur egungo gizartean, elikadurak gero eta garrantzi handiagoa du pertsonen osasunean eta ongizatean, batez ere haurren garapenean. Horregatik, garrantzitsua da elikadura ohitura egokiak sustatzea eta familiei orientabide argiak eskaintzea.
Elikadura orekatua ez da soilik gorputzaren funtzionamendu egokia bermatzeko oinarria, baizik eta ikaskuntza-prozesuan, kontzentrazioan eta energia mailan ere eragin zuzena duen faktorea. Haurtzaroan hartzen diren ohiturek askotan bizitza osorako jarraitzen dute, eta horregatik bereziki garrantzitsua da etapa horretan elikadura osasuntsua bultzatzea.

DIETA OREKATUA
Plater osasungarria dieta orekatu baten adibide sinple eta praktikoa da, eta bereziki garrantzitsua da elikagaien kantitate egokiak errespetatzea. Orokorrean, plateraren erdia barazki eta frutek osatu behar dute, laurden bat karbohidratoek, eta beste laurdena proteinek. Banaketa honek gorputzak behar duen energia eta mantenugaiak neurri egokian jasotzea bermatzen du, gehiegikeriak eta gabeziak saihestuz.

Dieta orekatuak funtsezko zeregina du osasuna mantentzeko eta bizi-kalitate ona izateko. Elikadura egokiak gorputzari behar dituen mantenugai guztiak ematen dizkio, eta, gainera, gaixotasun kronikoak prebenitzen laguntzen du, hala nola obesitatea, diabetesa edo bihotzeko arazoak.
Horretarako, dieta, askotarikoa eta proportzionatua izan behar da, elikagai mota ezberdinak kontuan hartuz, besteak beste, fruta eta barazkiak, karbohidratoak, proteinak eta gantz osasungarriak. Era berean, komeni da azukre eta gantz saturatuen kontsumoa mugatzea eta ura edatea hidratazio egokia bermatzeko. Horrela, elikadura osasuntsuak oreka eta aniztasuna sustatzen ditu.
Hona hemen haurrentzako egokia izan daitekeen astebeteko menua:


DIETA LIBRAGARRIA
Idorreria dagoenean dieta libragarria izango da tratamendu egokiena. Idorreria dagoela esaten da gorotzen maiztasuna gutxitzen denean, gainera, gorotzak gogorrak izaten dira eta mina eragiten dute. Idorreria bizimodu sedentarioarekin eta hondakin gutxiko elikagaiek osatutako dietarekin lotuta egoten da, izan ere, hondakin horiek dira gorozkien oinarria.
Zuntz askoko dieta da idorreriaren aurkako tratamendu dietetikoa. Barazkiak, frutak, leguminosoak, bihi osoko zerealak eta fruitu lehorrak dira jaki zuntzetan aberatsenak.
Horregatik, elikagai horiek guztiak eduki behar ditu haurraren dietak. Idorreria izanez gero, komeni da arrozik, azenariorik, gaztarik, gurinik, esnerik, kakaorik, gozorik, platanorik eta sagarrik ez jatea, ezta haragi askorik ere ez. Horretaz gain, ur asko ere edan behar du haurrak. Komeni da barazkiak eta eltzekariak xehatu gabe eta fruta zuritu gabe jatea, eta bihi osoko ogia jatea.
Hona hemen, dieta libragarriaren astebeteko menuaren adibide bat:


DIETA IDORGARRIA
Beherakoen kasuetan aldiz, dieta idorgarria da beherakoen kontrako tratamendu nagusia. Tratamendu dietetikoaren oinarrian bi ideia nagusi daude: alde batetik, digestio-sistemari atseden ematea, eta bestetik, galdutako likidoak eta elektrolitoak berritzea. Lehenik, berriz ere hidratatu behar da, arroz-ura edo elektrolito askoko soluzioak emanda, adibidez, ahotik hartzeko sueroa.
Berriro elikatzen hasi behar da, ezin baita denbora luzez likidoekin bakarrik egon. Pixkanaka hasi behar da jaten ematen, betiere ahotik hidratatu ondoren. Hala nola, pixka bat urtutako esnearekin, jogurt naturalarekin, oilasko edo arrain egosiarekin, arrozarekin, azenarioarekin eta ogi xigortuarekin has daiteke.
Hona hemen, dieta idorgarriaren astebeteko menuaren adibide bat:


GLUTENIK GABEKO DIETA

Azkenik, glutenarekiko intolerantziak ditugu, non, hau sortarazten duten proteinak kentzea den tratamendu egokiena. Glutena janez gero, heste meharra hazten zaie joera genetiko hori dutenei.
Hainbat arrazoirengatik izan dezakegu glutenarekiko intolerantzia: organismoari digestio-entzima batzuk falta zaizkiolako, zenbait antigorputz sortzen dituelako, proteina antigenikoak gehiago iragazten direlako hesteetan eta abar.
Gaixotasuna haurraren dietan garia sartzen dugunean hasten da. Hesteazala lautu egiten da eta elikagaiak xurgatzeko eremua murrizten da.
Sabeleko mina izan daiteke askotan, haize-minen, sabel-distentsioaren eta heste-mugimendu anormalen ondorioz. Anemia sortzen da burdina, azido folikoa eta B12 bitamina ondo xurgatzen ez direlako. Batzuetan artritisaren sintomak ere izan daitezke, minarekin, zurruntasunarekin eta nekearekin batera. Nerbio-sisteman sintomak ere agertzen dira : gorputz-adarretako azalean sumindura eta azkura sentitzea, muskulu-uzkurdurak eta zutik eusteko zailtasuna, baita suminkortasuna eta memoria-asaldurak ere.
Edoskitzaileei lehenego glutenik gabeko zerealen ahiak eman behar zaizkie. Glutendunekin, berriz, pediatraren arabera, sei edo zortzi hilabete egiten dituztenean hasi behar da. Intolerantzia agertzen bada, glutena dietatik kendu eta glutenik gabeko elikagaiak baino ez dira erabiliko.
Elikagaiak aparte egitea ere garrantzitsua da, olioak eta sukaldeko tresnak nahasi gabe. Hala ere, gaur egun, glutenik gabeko hainbat elikagai eta jaki daude merkatuan, esaterako, glutenik gabeko pasta. Beraz, haurrak glutenarekiko intolerantzia izanez gero, supermerkatuetan, elikagai asko aurki daitezke, glutenik gabekoak.
Hona hemen, glutenik gabeko dietaren astebeteko menuaren adibidea:


OBESITATEA

Gaur egungo gizartean, osasunarekin lotutako arazo askoren artean, obesitatea da kezkagarrienetako bat, batez ere haurren artean gero eta maizago agertzen delako. Bizimodu aldaketek, elikadura-ohituren okertzeak eta jarduera fisikoaren murrizketak fenomeno honen gorakada nabarmena eragin dute azken urteetan.
Testuinguru honetan, garrantzitsua da obesitatea zer den, nola sortzen den, zer ondorio dituen eta, batez ere, nola prebenitu daitekeen ulertzea.
Obesitatea gorputzean gantz gehiegi pilatzen denean gertatzen den osasun arazoa da, eta pilaketa hori ez da estetikoa soilik, baizik eta arriskutsua izan daiteke pertsonaren ongizaterako. Haurren kasuan, obesitatea bereziki kezkagarria da, hazkunde garaian gertatzen delako eta ondorioak epe luzera luzatu daitezkeelako. Normalean, gorputz masaren indizearen bidez neurtzen da, baina beti adinaren arabera egokituta. Gainera, gehiegizko pisuaren mailarik larriena dela ulertzen da, eta gero eta ohikoagoa da gaur egungo gizartean.
NOLA SORTZEN DA?
Obesitatea sortzen da energia balantze negatiboaren ordez positiboa dagoenean, hau da, umeek kontsumitzen dituzten kaloriak gastatzen dituztenak baino gehiago direnean. Egoera hori ez da faktore bakar baten ondorioa, baizik eta hainbat elementuren konbinazioa: alde batetik, elikadura desegokia dago, non elikagai ultraprozesatuak, azukre ugari duten edariak eta gantz saturatuak nagusi diren. Bestetik, jarduera fisikoaren falta dago, ume askok denbora asko ematen baitute pantailen aurrean (telebista, mugikorrak edo bideo-jokoak). Horrez gain, familiaren ohiturek, ingurune sozialak, publizitateak eta faktore genetikoek ere eragin handia dute, eta guztiak elkartuta arazoa areagotzen dute.
ZER ARAZO SORTZEN DITU?
Obesitateak ondorio ugari ditu, eta horiek fisikoak zein psikologikoak izan daitezke. Alde batetik, osasunarekin zuzenean lotutako arazoak daude, hala nola bihotz hodietako gaixotasunak, 2 motako diabetesa, hipertentsioa edo arnasketa-arazoak. Bestetik, ondorio psikologikoak ere oso garrantzitsuak dira: ume askok autoestimua baxua garatzen dute, lotsa edo estigma soziala pairatzen dute, eta batzuetan bazterketa edo bullying egoerak ere bizi ditzakete. Gainera, haurtzaroan obesitatea dutenek probabilitate handiagoa dute helduaroan ere obesitatea izateko, eta horrek gaixotasun kronikoak garatzeko arriskua handitzen du.
ZER EGIN DAITEKE?
Arazo honi aurre egiteko, ezinbestekoa da estrategia integral eta partekatuak aplikatzea.
Familiek paper garrantzitsua dute, elikadura-ohitura osasuntsuak sustatuz eta umeak aktibo izatera bultzatuz.
Eskolek ere lagundu behar dute, nutrizio hezkuntza eta jarduera fisikoa indartuz.
Administrazio publikoek, berriz, politika osasungarriak garatu behar dituzte, hala nola elikagai osasungarrien sustapena edo publizitatearen kontrola.
Horrez gain, pantailen erabilera mugatzea eta eguneroko ariketa fisikoa sustatzea funtsezkoa da. Azken finean, gizarte osoaren inplikazioa da, arazo konplexu bati aurre egiteko modu eraginkorrena.